Euskalkiak

Orri honetan eskualdeetako eta herrietako euskalkiak aurkituko dituzu, bi modutan sailkatuta: Louis Lucien Bonaparteren tradiziozko sailkapenaren eta Koldo Zuazoren egungo sailkapenaren arabera. Horietako bakoitzean klik eginez, euskalkiaren deskribapena eta dagozkion herriak aurkituko dituzu.

Nafarra

Kokapena

Ondoko euskalkiekin konparatuz bereizgarri gutxi dituen arren, euskara nafarrak badu bere nortasuna. Gainera, zabalera handikoa izan arren, eta hizkera batetik bestera aldeak izan arren, badu berdintasun maila altu bat eta badira eremu gehienean betetzen diren ezaugarriak. Horregatik, Bonapartek bi euskalki bereizten zituen lekuan bat bakarra ikusten da sailkapen berrian.

Euskara nafarreraren baitan lau azpieuskalki nagusi antzematen dira: ipar-sartaldekoa, hego-sartaldekoa, erdigunekoa eta sortaldekoa. Azken honetan Esteribar eta Erroibarko hizkerak sartzen dira. Iñaki Caminok hego-nafarrera deitzen duen azpieuskalkian sartzen ditu bi hizkera horiek, Artzibar eta Iruñerriko hizkera gehienekin batera. Beraz Zuazoren euskara nafarreko sortaldeko azpieuskalkia eta Caminoren hego-nafarrera sinonimotzat har litezke.

Gainera, tarteko hiru hizkuntz eremu ere badaude: aezkera (nafarrera, ekialdeko nafarrera eta nafar-lapurtarraren tarteko hizkera -Iñaki Caminok hego-nafarreraren barrenean kokatua), baztanera (nafarrera eta nafar-lapurtarraren tarteko hizkera) eta Burundakoa (nafarrera, erdialdeko eta mendebalekoaren tarteko hizkera)..

Nafarroan bakarrik hitz egiten den euskalkia dugu nafarrera edo euskara nafarra, nahiz eta Gipuzkoako Oiartzun, Irun eta Hondarribiko euskaran ere antzematen diren euskara nafarreraren hainbat ezaugarri.

Ezaugarri nagusiak

1/ Azentua da euskara nafarreraren bereizgarririk esanguratsuena. Indartsua da eta azkenaurreko silaban egoten da gehienetan: launeindéko ’lagunarendako’...

Adib.: Orai guk eztugu ja ere erráten al gáuza hórren gáñean

Ipar-sartaldeko hizkeretan, berriz, azentuaren kokagunea hitzaren bigarren silaban egoten da: larúnbata, txokólte ‘txokolate’...

Adib.: Pues hark abisten du

Sakanan, aldiz, azentua ez da hain indartsua eta mendebaleko eta erdialdeko euskalkiekin antzekotasun pixka bat badu.

2/ Azentu indartsua dela-eta, hitz hasierako bokala gal daiteke (aferesia): karri, zautu, mazte...

Adib.: nik diferentzia aundiz, zautzen det

hore leitzeko man tzirena, oaiñik ere makume hore bizi de

eta main dizut pasea

torri zen egun hemeretzigarna

Baita hitz barrenekoa ere (sinkopa) abre ‘abere’, botzen ‘botatzen’....

Adib.: zer atra behar zuen esan zireten komedorian

usazaliak iten zte oihu batzuk

pues hark abisten du

oihu iten te nola ikusten zten

eskopetekin guti ikuskozu han, e?

torri zen egun hemeretzigarna

Aizkora ez, ya gu hasi giñenko bazien motosierrak

harek itten du abuduago yautsi gaintik beheiti

3/ Erdarazko –(i)on amaiera bere horretan gelditzen da euskara nafarrean: frontona, kamiona...

Adib.: Ta kamionak kargatu

Eta, batallonian, batallona da...

4/ ZERTAZ / NOLA kasuan -s ahoskatzen da: oines, eskus, burus...

Adib.: ta gero bi urtes o in zen holako esibizio at

nik berandu artio ez nakin euskeras hitzik ere

Zer modues habille amigo Arroki

pues oñes ikasi orduko

5/ Adizkien 2. pertsona singularrean y- ahoskatzen: yaiz ‘haiz’. Aspaldiko berrikuntza da ekialdeko nafarrerera eta Gipuzkoako ipar-ekialdera ere hedatu dena.

Adib.: ondo aittu yaiz edo geizki aittu yaiz

6/ NOR-NORI-NORK saileko adizkietako pluralgilea –it– da euskalki honetan: ditiot ‘dizkiot’... Nafarroa guztian betetzen ez bada ere, Gipuzkoako ipar-ekialdeko hainbat herritan erabiltzen zen.

Adib.: Orain jartzen ttiote

7/ NOR-NORI saileko iraganaldiko adizkietan –ki– erroa agertzen da euskalki honetako eremu zabal batean: zakion ‘zitzaion’. Sakanan ere orainaldian ere gertatzen da: dakit ‘zait’.

Adib.: buruzagie esaten dakiyok, oai aguazilla esaten diore

eztakitena gustetu, eztotena entendittu

zer iruitzen dakizubie hau, zer iruitzen dakizubie beste

ardiyai gustatzen dakiyobielakos gehiei

nai iruditzen dakit hori biharrezkua litzekela, ezta?

berdiñe gertatu behar zakiyola

8/ Eremu txikiago batean u > i bilakaera eman da bi ingurunetan: zabalduagoa dagoen -tuko > -tiko (pasatiko ‘pasatuko’)

Adib.: Orai, zer pasatiko den

zeatik auto aundiz pasatiko da

eta modifikatiko da

Zenbaiti etzaote iduritiko

eta mugatuagoa dagoen –tu behar > -tiar: frakasatiar du ‘frakasatu behar du’ .

Adib.: arrosarioa errezati bihar duzu

zuk errezati ihar duzu

Zer egunek pasti ihaittuzun! Dena zuretako dao.

Eztuzu ja ere pagati ihar

9/ Hiztegi bereziaren barrenean aipatzekoak ditugu: banabar ‘indaba’, ostots, ortots ‘trumoi’, ugalde ‘ibaia’..